Se muestran los artículos pertenecientes al tema Ariketak.
26/05/2006
LEKEITIO

Lekeitiora joan gara txangoan. Herrian zehar ibili gara, aurrera eta atzera, bazterrak ikusiz. Orain, atseden hartzen ari garela aprobetxatuz, postal bana erosi dugu eta idazteari ekin diogu.
- Idatzi zure postala eta bidali blogera.
12/05/2006
GALDERAK

Begiraiozu ondo argazkiko idazmakinari. Galdera asko eta asko egin daitezke "Enigma" markako makina zahar horri buruz. Pentsa ezazu apur batean eta idaz itzazu hiru galdera. Bukatutakoan, bidali zure hiru galderak blogera. Ea denon artean galdera mordo bat biltzen dugun.
Oharra: Ahal bada, ez errepikatu zure ikaskideek egindako galdera berberak
04/04/2006
ALBISTE LABURREN TITULUAK

Apirilaren 4ko Berrian argitaratutako bi albiste labur aurkituko dituzu ondorengo bi lauki koloreztatuetan. Irakurri adi-adi eta tituluak pentsatu. Bidali zure proposamenak blogera.
Adibidez:
Lehenengo albistea: "__________________________________"
Bigarren albistea: "____________________________________ "
| Bilbon, Arabella eta Otxarkoaga auzoen artean baserri bat suak hartu zuen atzo 8:15ak aldera. Kalteak handiak izan badira ere, inor ez da zauritu. Ertzaintza ezbeharraren arrastoak ikertzen dabil, sutea zerk eragin zuen jakiteko. Suhiltzaileek 9:00ak aldera lortu zuten sua amatatzea. |
| "Estasi gisa saltzen dute, baina arriskutsuagoa da" Madrilgo dantzalekuetan atzeman duten droga berria, Espainiako Poliziaren arabera. Estasiaren kolore, itxura eta logo (marrazo bat) berbera du pilulak. M-CPP edo metaklorofenilpiperazine izena dauka, eta nerbio sistema bizkortu eta haluzinazioak eragiten ditu. Psikosia eragin dezake, Poliziaren arabera. 31.000 pilula atzeman dituzte. |
Oharra: Bi titulu onenak aukeratuko ditugu eta irabazleei sari txiki bat emango diegu.
22/03/2006
AZKEN IGANDE ARRATSALDEA

Hona hemen, labur-labur, nire azken igande arratsaldearen kontaketa:
"Joan den igandean gurasoen etxean bazkaldu nuen. Bazkaldu eta gero, ordu bi eta erdietan, neure etxera joan nintzen eta ordu erdiko siesta egin nuen ohean etzanda. Gero, hiruretan, etxeko lan batzuk egin nituen (ohea egin eta komuna gargitu). Arratsaldeko lauretan maleta eta trasteak prestatu eta kotxera jaitsi nituen. Lau eta erdietan Arantxaren bila joan nintzen eta biok batera etorri ginen Algortara. Seiak laurden gutxitan iritsi nintzen Algortako etxera. Emaztea eta alaba handik ordu erdira iritsi ziren Ezcaraytik. Zazpi eta erdietan afaria prestatu genuen emazteak eta biok. Afaldu ostean, telebista ikusten egon ginen apur batean, bederatzi eta erdietara arte edo. Hamarrak aldera ohera joan ginen, zintzo-zintzo."
Azal ezazu zuk ere zer egin zenuen azken igande arratsaldean. Bidali testua blogera.
06/03/2006
AZPEITITIK XOXOTERA

Hona hemen, urratsez urrats azalduta, Azpeititik Xoxotera igotzeko argibideak. Xoxote izango da azpeitiarrok gehien maite dugun mendia. Maiatzeko azken igandean ospatzen dute azpeitiarrek "Xoxoteko eguna". Egun horretan mendia kolorez janzten da eta giro aparta izaten da: erromeria, bertsolariak, herri kirolak eta lagun giro jatorra. Ez al da plan ederra? Anima zaitezte eta hasi entrenatzen, igoera oso gogorra baita.
- Abiapuntua: Azpeitiko parrokiaren atzeko aldea.
- Hartu hilerrira doan bide asfaltatua. Hilerrira heltzean, ezkerraldeko bide aldapatsutik segi.
- Urreta baserrira iritsi baino ehunen bat metro lehenago, bide asfaltatua utzi eta eskuinaldeko bideska aldapatsuan sartu.
- Zati aldapatsuena bukatutakoan, bideari segi pinudi eta pagadietan zehar Azketako iturri ederrera iritsi arte.
- Azketako iturritik abiatzen den bidezidor aldapatsuan gora igo elurtegiaren pareraino iritsiz.
- Elurtegitik pixka bat gorago igo eta Xoxoteko zelai ederrera iritsiko zara. Han, Xoxoteko aterpea eta San Inazioren estatua ikusiko dituzu, besteak beste.
16/02/2006
LABOAREN TXORIA

Egin ezazu klik hemen eta "musikazblai.com" izeneko atarian sartuko zara. Hor Mikel Laboaren kantagintzari buruzko informazioa aurkituko duzu: diskoen portada ederrak, Laboaren argazkia zuri-beltzean, abesti batzuen tituluak, hitzak, itzulpenak eta komentarioak. Komentarioen kopuruari begiratuta, argi dago "Txoria, txori" dela kantarik famatuena eta arrakastatsuena.
Irakur itzazu komentario horiek (penintsulako ia hizkuntza guztietan daude idatzita) eta anima zaitez zu ere zeure komentarioa idatzi eta bidaltzera (gure blogera eta, nahi baduzu, musikazblaira). Oharra: Ahal baduzu, komentarioa euskaraz idatzi.
10/02/2006
AGENDA IRAKURRI

Egin ezazu klik hemen eta berria egunkariko eguneko agenda aurkituko duzu. Azter ezazu ondo-ondo goitik behera eta aukera ezazu gehien gustatzen zaizun ikuskizuna. Bidal ezazu aukeratutako ikuskizuna zure komentarioan. Azal ezazu, baita ere, zergatik aukeratu duzun. Adibidez:
1. Nora zoaz gaur? Durangoko "Zapuetxe" gaztetxera. 2. Zein ikuskizun dago hor? Boliviari buruzko hitzaldia. 3. Zergatik aukeratu duzu? Azkenaldian aldaketa garrantzitsuak gertatu dira Bolivian (Evo Moralesen garaipena, politika ekonomiko berria, etab). Hitzaldiaren gaia oso interesgarria da. |
D
31/01/2006
Elurraren bisita

"Ostiral arratsaldean, beti bezala, Azpeitira joan nintzen nire familiarekin. Elurra ari zuen eta errepidean arrisku handia zegoen. Kontuz- kontuz joan ginen, abiadura motelean, inguruko paisaia txuri ederrarekin txundituta. Gipuzkoa aldean elur gutxiago zegoen. Etxera iritsi ginenean berogailua piztu genuen etxea lehenbailehen berotzeko. Gero, afalondoan, leihotik begira egon ginen, martxan zegoen telebistari jaramonik egin gabe. Elurrak ikuskizun zoragarria sortzen du, zalantzarik gabe."
Zuri ere gustatzen zaizu elurra? Zer egin zenuten asteburuan? Ibili al zineten elurretan? Idatzi zure komentarioa eta bidali blogera.
24/01/2006
Patxi Altunaren biografia

Urtarrilaren 20an, San Sebastian egunean, Patxi Altuna euskaltzale eta irakaslea hil zen, Azpeitian, bere jaioterrian. Hemen Patxi Altunaren biografia aurkituko duzu, bost kapitulutan banatuta. Irakur ezazu lehenengo kapituluko lehenengo atala ("Patxiren haurtzaroa herrian") eta erantzun sei galdera hauei:
1. Zein egunetan jaio zen Patxi Altuna?
2. Zein ogibide zuten Patxiren gurasoek?
3. Nor zen Patxi kanpaxa ?
4. Norena zen Patxiren etxe azpiko denda?
5. Nola hil zen Patxiren anaia gaztea?
6. Zein egunetan egiten da azoka Azpeitian?
Erantzunak aurkitzen dituzunean idatzi zure komentarioa eta bidali.
Nahi baduzu, irakur ezazu biografiaren bigarren ataltxoa eta egin ezazu galdera bat .
17/01/2006
Hauxe da nire bizimodua.

Azal ezazu zein den zure ogibidea eta zer egiten duzun lan egun arrunt batean. Adibide gisa, horra nire testua:
"Ni euskara irakaslea naiz eta Santurtziko Udal Euskaltegian egiten dut lan. Egunean zazpi ordu egiten ditut lanean, goizeko zazpietatik eguerdiko ordu biak arte. Aurten lehen mailako bi talde ditut eta bakoitzari bi klase ordu ematen dizkiot, guztira lau ordu lektibo. Eguneko beste hiru lan orduak klaseak prestatzeko eta irakurtzeko erabiltzen ditut. Asko gustatzen zait ikasleekin egotea eta haiei laguntzea. Soldata normala dut eta opor bikainak. Beraz, ez daukat kexatzeko arrazoirik, ez horixe!"
16/01/2006
hizkuntz ikaslearen lanabesak
LANABESEN ZERRENDA
1. grabagailua
2. hiztegia
3. ordenagailua
4. gramatika liburua
5. telebista
6. irratia
7. egunkaria
8. aldizkari espezializatuak
9. karpeta
10. ariketa liburua
11. arkatza
12. post-ita
13.
Lanabes horietako zein erabiltzen dituzu eta zertarako. Hausnartu eta idatzi komentarioa.
